Iruñeko Gazteluko Plazan euskara erdigunean jarriko duen irabazi asmorik gabeko elkarte berria gara, azpiegitura sozial irekia, hiriaren bihotzean familiei jarduera eta zerbitzu anitzak eskainiko dizkiena.
HIRI BURUZAGIA LORATZEN
Iruñeko familia euskaldunentzako eta komunitatearentzako elkargunea sortu dugu, non eta hiriaren bihotzean, Gazteluko plazan.
Itxaropena eta edertasunarekin lotu nahi dugu euskara, Iruñeko karriketako jendearen ahoetan loratzea, mingaina euskaraz dantzan jartzea. Gure proiektuak Gazteluko Plazatik euskarari ikusgarritasuna eta zentraltasuna eskainiko diola uste dugu.
Azpiegitura sozial zabala eraikitzen ari gara, erabilera desberdinetarako espazioa, plazara irekita dagoen gunea, eta plaza hartzeko asmoz gatoz. Aste batzuk dira martxan hasi ginenetik eta ilusioz jarduera desberdinekin estreinatu gara, Yoga, Lego, Mintzapraktikak, Ipuin Kontalariak, Musika tailerrak, Arte Laborategiak...
Harrera itzela jaso dugu eta ideia zerrenda amaigabea dugu, bilduko gaituen elkargune hontatik zabaltzera goaz, gogo biziz, beti gure oinordekoen lanari jarraiki, haien hazia garela gogoratuz.
Eta zure ekarpen ekonomikoa behar dugu. Erronka haundia dugu: 30.000 euro lortu nahi ditugu, egitasmo honi beharrezko indarra emateko. Diru-bilketa jarri dugu martxan, eta horren parte izatera gonbidatu nahi zaitugu, baita ideia edo proposamenekin partaide aktibo izatera ere. Irauli esperientzia kolektibo bat izan dadin, euskararekin eta bestela bizi ditugun korapiloak elkarrekin askatzeko gune izan dadin.
Egoerari buelta eman eta Gazteluko Plazako lauzak altxatzeko ordua iritsi da! Bertan hazia erein eta loratzeko!
ZERTARAKO IRAULI?
Familiei euskara erdigunean jarriko duten jarduera eta zerbitzuak eskaintzeko (Tailerrak, kurtsoak, ekitaldiak, euskara plazara, jolastokia…) .
Eragileentzat: aukera zabaldu nahi diegu, pertsona guztiei, profesional, bolondres, banakako, elkarte edo edozein antolakuntzari, gure proiektuaren parte izateko. Haien ezagutza eta jarduerak Irauliren eskaintzaren parte izan daitezen.
Hiztun komunitatearentzat: Hiztun komunitatea trinkotzeko gunea izan dadin. Euskaldunok elkartzeko guneak nahi ditugu, harreman sarea handitzeko, egoera berean edo antzekoan egon daitezkenekin elkar ezagutzeko. Hizkuntz ohiturei helduta, familiaren eta eskolaren lan itzelaren laguntzaile izan nahi dugu.
Akademia eta erakundeentzat: epe luzera amestutako proiektua izanik, akademia (unibertsitateak, ikerketa zentroak,..), erakundeak eta ikerketan lagundu nahi digun oro bidaide izan nahi dugu. Egungo teoria soziolinguistikoen gainean lanketan eta praktikarekin abiatuko gara.
NORTZUK GARA?
Duela urte bat proiektuan lanean hasitako talde zabala gara, ibilbide profesional desberdineko partaidez osatua. Euskalgintzan zeharka lanean zeuden batzuk eta euskararekin eta euskal kulturarekin gertuago dauden beste proiektu batzuetan parte hartu izan dutenak ere bagaude, gure lagun ditugun LABA proiektuan eta Karrikirin esaterako. Hortaz eskarmentua dugu, ez baikara zerotik sortu, denok gaude gure aletxoa jartzeko prest, eta zurekin, gehiago izango gara.
IRAULI - Loratu ala hil
Itsulapikoa.eus está bajo una Licencia Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-CompartirIgual 4.0 Internacional.